Derioko Seminarioaren kokaleku izan zan eta orain negozioen eremu dan lekuaren izena aldatu egin da eta orain ‘Seminario Zentrum’ enpresa eta zerbitzu alkartea deituko da. Zentroaren historia luzean aldi barria zabaltzen dauan gaur egungo nortasun korporatiboaren barriztapenerako prozesuaren emaitza lez sortu da marka barri hau sasoi barrietara eta bere helburu barrituetara egokituta. Azken batean, nortasun barria, komunikazino barrirako.
Seminario Zentrumek 50.000 m2 inguruko azalerako eremua hartzen dau Derion eta bertan 70 enpresa dagoz, Hotel-jatetxea, Padel eta Golf alkartea, Bilboko Eleizbarrutiaren Artxiboak, Historiaren Ezagutza Aurreraturako Zentroa (Icaro), Adiskidetasunaren Basoa, areto nagusia, Irakasle Eskola Unibertsitarioa, Labayru Fundazinoa, Hezkuntza Berezirako Zentroa eta beste hainbat eremu.
Lotura onakaz eta 650 lekutako parkingagaz, eta Zamudioko Parke Teknologikoaren inguruan kokatuta –Ugaldeguren eta Torrealagoiti poligono industrialetatik gertu-, bost minutura dau Loiuko aireportua eta ordu laurdenera Bilbao. Zentroak eskura dituan zerbitzuak eskaintzen deutsez enpresa eta erakundeei. Leku honek, modernotasuna eta tradizinoa buztartzen ditu, aisia eta lana, heziketa eta jostaketa, gastronomia eta kirola eta egunean 3.000 lagunen joan-etorria izaten da bertan.
Pertsonen alkartea eta aukerak enpresentzat
Seminario Zentrum dalakoaren helburu nagusia, negozio eta zerbitzuetarako zentro berezia eratzea da. Eremu bakarra, eskaintza berezi eta lehiakorragaz eraikinen merkatuan. Eremu berean eta, ondorioz, hartu-emonean dagozan pertsonen alkartea be osatu gura dau, aukera eskuragarri eta anitzak eskainiz enpresen aldetik, beharrizan guztietara moldatuz. Askotariko zerbitzuak enpresen jarduerarako eta aisialdirako inguru jasangarrian.
Horretarako, Seminario Zentrumek eraikina zein errentari diran erakundeak agertzera emoteko ekintzak jarri ditu martxan. Eremu honetan euren jarduera profesionala garatzen daben norbanakoen, enpresen eta erakundeen arteko lankidetza sustatze aldera, komunikabide barriak jarri dira alkarte osoaren eskura, sinergiak sortu eta danentzako onurak lortzeko.