Seminario Zentrum-ek 30 metroko altuera duen Athletic-en kamiseta zabaldu du 

03/27/2024

20 metro zabal eta 30 metro altu den Athleticen kamiseta bat zabalduko da gaurtik aurrera Seminario Zentrum-ean, Derioko apaiztegi zaharraren eraikinean, ia ehun enpresa eta erakunde eta 3.000 langile inguru biltzen dituen enpresa eta zerbitzu komunitatearen erdiko dorrean, hain zuzen ere.

Ekimen horren bidez, zentroak babes publikoa eman gura die lehoiei datorren apirilaren 6an Sevillan jokatuko duten Kopako finalaren aurrean. Horretarako, talde bilbotarraren koloreak erakutsi gura ditu Bizkaiko toki ikusgarrienetako batean, Txorierriko haranean, Zamudioko Parke Teknologikora eta Ugaldeguren eta Torrelarragoiti industrialdeetara sartzen den lekuan, hain zuzen ere. Bidegurutze horretan, egunero milaka auto-gidari ibiltzen diren bide-sare ugari elkartzen dira. Loiuko aireportuan aireratzen eta lurreratzen diren hegazkinak ere bertatik igarotzen dira. Hegazkinetatik bidaiari zorionekoek kamiseta zuri-gorri ikusgarriaren ikuspegi pribilegiatuak izango dituzte.

600 metro karratu eta 300 kg-ko pisua duen olana mikrozulatua jartzeko, lan bertikaletan adituak diren hamar bat profesionalek egin behar izan dute lan, muntatzaileak eta olana altxatzeko dorrearen teilatuan ainguratu behar izan den polipasto erraldoian aritu diren langileak, hain zuzen ere. Olana bost sekziotan inprimatu behar izan da, ondoren sekzioak mihiztatu egin dira eta perimetroetan indartu egin dira, fatxadan prestatutako altzairuzko kableetara lotzeko.

Seminario Zentrumeko espazioen artean duela urte batzuk Athleticeko Jokalarien Egoitzak kokatu zuena dago (gaur egun Lezamako instalazioetan dago). Bertatik hainbat futbolari zuri-gorri igaro dira, Iker Muniain, Iñaki Williams, Unai Simón, Julen Agirrezabala, Dani Vivian, Yuri Berchiche, Iñigo Ruiz de Galarreta, Oihan Sancet, Gorka Guruzeta eta Beñat Prados, besteak beste.

Sartu bideoa YouTube-n: