Martxan da Seminario Zentrumeko –Derioko Seminarioa izan zan eraikinean kokatutako enpresa eta zerbitzuen eremua- enpresa eta erakundeek eratutako alkarte energetikoa. Hainbat erabiltzaile energia barriztagarriko instalazinoak –kasu honetan, fotovoltaikoa- sortutako kontsumo elektrikoaz baliatzeko aukera emoten dauan araudi barriaren haritik Euskadin sortu dan lehenengo alkarte energetikoa da. Egitasmo hau Petronor taldearen filiala da Edinor enpresagaz batera garatuko da egitasmoa eta eraikinean bertan ekoiztutako energiaren autokontsumorako aukera emongo deutse alkarteko kideei.
Eraikinaren teilatuan energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazinoa jarri eta Seminario Zentrumeko errentari guztien artean deialdi irekia egin ondoren, alkartea martxan jarri da. Alkarteko kide izan gura daben enpresa eta erakundeek ez dabe inongo inbertsinorik egin behar, ezta irauteko konpromisorik hartu be.
Eraikinean ekoiztutako eguzki-energiaren gehigarri lez, energia merkaturatzeko etxe bat aukeratu da elektrizitate hornidura osatu daian jatorri jasangarriaren bermeaz. Horregaz batera, instalazinoen diseinuak eta energia danen artean erosteak, energiaren fakturan gehinezko aurrezkia ziurtatzen deutsie kideei.
Egitasmo hau, 2020ko urrian Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak eta orduan Bilboko Gotzain zan On Mario Izetak sinatu eben lankidetza-hitzarmenaren barruan dago. Hitzarmen honen bidez hainbat helburu lortu gura da: energia barrien inguruko ikerketarako eta ezarpenerako egitarauak aberastu, sortzaileak eta kontsumitzaileak sustatu eta hartu-emonak zabaldu. Hitzarmena hiru urterako da eta erakunde biek eskutik joan gura dabe CO2 isurketak gitxitzeko eta trantsizio energetikoa ahalbideratzeko.