ZUHAITZ EGUNA 2025

02/07/2025

Seminario Zentrumek handitu egin du Derioko ‘Adiskidetasun Basoa’ 2025eko Zuhaitz Egunean beste 10 zuhaitz landatuz.

Ehun pertsona baino gehiagok hartu zuten parte 2025eko Zuhaitz Egunean, Seminario Zentrumek –Derioko Seminarioaren Eraikina izandakoak– jasangarritasuna, berdintasuna eta bake soziala bezalako balioak bultzatzeko eta aitortzeko urtero antolatzen duen topaketan. Egun honetan ohikoa denez, enpresek, erakundeek eta partikularrek zuhaitz berriak landatu zituzten ‘Adiskidetasun Basoan’, Seminario Zentrumen lurretan dagoen naturgunean. Oraingoan, 10 ale berri landatu ziren. Era berean, ekitaldiak MSI – Máquinas y Servicios Integrales enpresari eta Eduardo Celles Golf Eskolaren sortzaile eta zuzendariari ‘Zuhaitza Bihotzean 2025’ sariak emateko balio izan zuen.

2014an sortu zen Zuhaitz Eguna, berrogeita hamar haritz eta pago ingururekin batera Gernikako Arbola historikoaren kimu baten landaketarekin. Gaur egun, 286 zuhaitzek osatzen dute ‘Adiskidetasun Basoa’, Bizkaiko ingurumen-konpromisoaren sinbolo bihurtuta.

Jardunaldiak erakunde, enpresa, entitate eta elkarteetako arduradunak eta partikularrak bildu zituen, horien artean Joseba Segura Monsinorea Bilboko Gotzaina. Ospakizun horrek, humanismoa, elkartasuna, elkarbizitza eta ingurunearekiko errespetua bezalako funtsezko balioei buruz hausnartzeko topagune gisa duen garrantzia azpimarratu zuen. Era berean, Derioko Seminarioak Bilboko Elizbarrutiaren historian bete duen lekuaren garrantzia azpimarratu da ekitaldian. Elizbarrutiak 75 urte bete ditu aurten. Hain zuzen ere, aurtengo elizbarrutiko ikasturtearen inaugurazio ekitaldia Seminarioko kapera nagusi zaharrean egin zen. Bizkaiko handiena da, eta ekitaldi horretarako ireki zen berriro, 30 urtez jarduerarik barik egon eta gero.

Esther Apraiz Derioko alkate eta EUDELeko presidenteak ere hartu zuen parte jardunaldian, udalerriaren eta Seminarioaren arteko harreman estua azpimarratuz, tokiko nortasunaren parte den eraikin enblematikoa da-eta. Modu berean, Zuhaitz Egunaren ospakizuna elkarrizketa eta gizarte bidezkoago eta jasangarriagoaren eraikuntza bultzatzen dituen ekimen gisa nabarmendu zen.

Ekitaldian ‘Zuhaitza Bihotzean 2025’ sariak banatu ziren, komunitatearekin eta haren ingurunearekin duten inplikazioarengatik eta laguntzarengatik nabarmendu diren eraikinari lotutako enpresa bat eta pertsona bat saritzeko. Enpresa kategorian, MSI – Máquinas y Servicios Integrales S.L.-ri eman zitzaion saria. Fotokopiagailuak, inprimagailuak eta funtzio anitzeko makinak saltzen, alokatzen eta mantentzen dituen konpainia da MSI. 35 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta horietatik 30ean Seminarioan egin ditu bere jarduerak. Horrela, enpresak tokiko enpresa-garapenari egindako ekarpena aintzatetsi da. Saria Asier Gondra MSIko gerenteak jaso zuen, eta Seminario Zentrumen kokapen estrategikoa nabarmendu zuen, hori funtsezkoa delako enpresak Bizkaiko lurralde osoari zerbitzua azkar eta eroso eman ahal izateko.

Norbanakoen kategorian, Eduardo Celles Anibarro izan zen omendua, Celles Golf Eskolaren, Bizkaiko golfaren harrobi nagusietakoaren, sortzailea eta zuzendaria. 1997an erretiratu zen arte Golf PGA zirkuituko jokalari profesional izan zen Cellesek arrasto esanguratsua utzi du udalerriko kirol komunitatean. Duela 28 urte eskola instalatu zuen bertan, lur “perfektuak” aurkitu ondoren. “Golfari diogun maitasuna eta dedikazioa arrakastaren giltzarriak dira, baina kokapena funtsezkoa izan da”, zehaztu zuen. Gainera, oroitzapen berezia izan zuen eskolatik igaro diren ikasle guztientzat. Kirol horretan munduko lehena den John Rahm nabarmentzen da. Berak entrenatu zuen zuzenean 13 urte zituenetik bost urte geroago Estatu Batuetara joan zen arte.

‘Adiskidetasun Basoan’ landatutako 10 zuhaitz berriei dagokienez, norbanakoek eta zenbait enpresak eta erakundek babestu zuten. Horien artean hauek daude: APNABI Lan – Autismo Bizkaia Empleo, Enbor, Giroa – Veolia, Lagungo Fundazioa, MSI – Máquinas y Servicios Integrales, OLATIC eta The Learning Spaces. Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratutakoek Derioko Iparralde Abesbatzaren emanaldiaz gozatu zuten.

Seminario Zentrum

Seminario Zentrum 50.000 m2 inguru dituen diziplina anitzeko espazioa da, eta 60 enpresa baino gehiago daude bertan. Hotela, jatetxea, golf eta padel klubak, Bilboko Elizbarrutiko Artxiboak eta Liburutegia, Historiaren Ezagupenerako Zentro Aurreratua (Ikaro Zentroa), Labayru Fundazioa, Miguel Madariagaren Txirrindularitzako Gela Pedagogikoa, Hezkuntza Bereziko Zentroa eta beste zenbait espazio hartzen ditu. Horrek guztiak negozio eta zerbitzu zentro paregabea osatzen du. Unibertso horrek modernitatea eta tradizioa, aisialdia eta lana, prestakuntza eta dibertimendua eta gastronomia eta kirola uztartzen ditu, eta egunero 3.000 pertsona inguru mugitzen dira bertan.